Ramon Rubialek gogoko zuen aire zabalean kirola egitea. Sopelako hondartzara joaten zen igeri egitera. Arratsalde ugari pasatzen zituen Erandioko pilotalekuan esku-pilotan, baina, batez ere, eta beste guztiaren gainetik, futbolean aritzea zuen atsegin. "Gogoan dut oraindik amak nola egiten zidan errieta pilotan apretak txikitzen nituelako. Baina, bueno, batez ere futbolean aritzen nintzen” (Ramon Rubial, Félix Santos, Elkarrizketa). Erandioko taldearekin txapelketetan parte hartu zuen. Gazte sozialistak zaindu egiten zituen bere osasun fisikoa eta mentala; bere borrokari duintasuna emateko modua zen.
Kirola hezkuntzaren osagarri izan zen langile-klasearentzat. Ideologia eta ariketa fisikoa elkarri oso lotuta egon ziren XX. mendearen hasierako lehenengo hamarkadetan. Gazte Sozialistek hainbat kirol egitea sustatu zuten, hala nola, mendi-ibiliak, esku-pilota, futbola, boxeoa… langileen munduari prentsa burgesak eman nahi izan zion analfabetismo, narraskeria eta alkoholismo-irudiari aurka egiteko. Sozialismoak aisia osasuntsua egitera eta gorputza zaintzera bultzatu izan zituen bere militanteak.
Oso gaztetatik zaindu zuen Ramon Rubialek bere irudia. Eta baliabide ekonomiko askorik ez zuen arren, gogoko zuen dotore janztea. Halaxe esaten du Lentxuk, alabak, garai hartako argazkiei begira ari dela: "Nire aita oso txukun ibili izan da beti, txukun eta dotore. Garai hartako argazkiak ikusi besterik ez dago. Beti izan zuen halako itxura prestua, eta Erandion horregatik bakarren batek, agian, hartuko zuen begitan, nahiz eta bi langile xumeren semea zen: aitona galdaragilea zen eta amona, berriz, lisatzailea." (Lentxu Rubial, 1986)
Bere adineko mutiko guztiak bezala, Ramon eta bere lagunak parrandan ibiltzen ziren eta herriko gainerako gazteekin harremanetan egoten ziren. Bere lagun Jose Solaigaistuak gogoratu zuen dantzaldietan ibiltzen ziren gazteekin bizi izandako pasadizo bat: "Gazte nazionalistekin ez ginen ongi konpontzen. Baina neska nazionalistekin, aldiz, bai. Hemen, enparantzan, ostegunetan eta igandeetan izaten zen dantzaldia, eta gu txukun-txukun agertzen ginen bertara. Guk ez genuen neskarik Gazte Sozialistetan –bueno, bakarren bat bakarrik– eta neska nazionalista asko izaten ziren, eta gurekin dantza egitea gustatzen zitzaien. «Zein jatorrak zareten –esaten ziguten-. Mutilik jatorrenak Herriko Etxean……» Eta guk honela erantzuten genien: «Herriko neskarik jatorrenak Batzokian...!»” (Jose Solaigastua, 1986).
Zaila izaten zen, ezinezkoa zela ez esatearren, langile-famlietako seme-alabek goi-mailako ikasketak egitea; goiz ikasten zuten bizitza osoan bizimodua atera ahal izateko baliagarria izango zitzaien lanbidea. Bere garaiko beste hainbat eta hainbat gaztek bezala, Ramonek ezin izan zuen berak nahi adina ikasi. Hogeiko hamarkadaren erdian Espainiako biztanleriaren erdia analfabetoa zen. Ramon Rubial ez, ordea; bazekien irakurtzen eta idazten, eta ordu luzeak pasatzen zituen Herriko Etxeko liburutegian. Baina bere kezka beste guztiaren gainetik zegoen. Ramon autodidakta izan zen; inork lagundu gabe murgildu zen idazle handien lanetan lantegiko atsedenaldietako tarteetan.
1928an
Lentxu:
"Mi padre fue una persona que se hizo a sí misma”
Casa del pueblo de Barakaldo