Ramon Rubial 1937an espetxeratu zuten, 31 urte zituela. Egun horretatik aurrera, ia hurrengo 20 urteetan, espetxez espetxe ibili zen Espainiako geografian barrena. Inoiz ez zuen askorik hitz egin espetxeko bere esperientziaz. Ez zituen urte haiek heroismo pertsonalerako baliatu nahi izan, ez eta preso politikoaren epika eraikitzeko ere. Beti esan izan zuen ez zela espetxean bere borondatez sartu, eta, batez ere, argi izan zuen espetxeak doilortu egiten duela gizakia. Gerra irabazi ostean, errepresio frankista garaituak ahalik eta modurik eraginkorrenean ezereztatzeaz arduratu zen.
Hala ere, Ramoni eta bere lagunei espetxe frankistez galdetzen zaienean eta garai haiek gogora ekartzen dituztenean halako emozio bat nabaritzen zaie, larritasuna eta erresistentzia aldi berean adierazten dituen emozioa, mugatzen zailak diren bi sentipen izango balira bezala.
Bilbotik Puerto de Santa Mariako espetxerako bidean, 1937an, benetako ifernua bizi izan zuen: sei egunez gerrako borroka-eremuak saihesten ahalegindu zen tren batean pasatu zituzten pilatuta. Cadizeko espetxeko lehenengo egunak nolakoak izan ziren gogoratzen zuen Rubialek: "Abereak garraiatzeko bagoi zatar haietan sartu eta Puerto de Santa Mariako espetxera eraman gintuzten. Lehenengo 90 egunetan hirugarren graduko atxiloaldia ezarri ziguten –behaketan–, eta zazpi preso sartu gintuzten birentzako zigor-geletan... Janaria zen okerrena... Bueno, egia esan, ez genuen ezer jaten. Inguruan kamioneta batean biltzen zituzten lauzpabost belarrekin egindako salda baino ez genuen edaten. Jendea gosez hiltzen zen... Fusilatuta baino jende gehiago hiltzen zen gosez. Egun batzuetan bost aldiz ere eratzen genituen ilarak hildako bat agurtzeko." (Ramón Rubial, 1986)



Ramon Rubialek honela hitz egiten zuen laurogeiko hamarkadan esperientzia ikaragarri eta luze hartako eguneroko bizitzaz: "Hainbat egunetan goizeko hamaiketan oraindik ez zen ezer egoten sukaldean mila presori jaten emateko. Ateratzen zituzten lapikoetan koipe-izpirik ere ez zen egoten, eta, jakina, jendea hil egiten zen. Presoen ehuneko hirurogei abitaminosiak jota zegoen (…)".