Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb
Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb
Ramón Rubial: Historia y Memoria
 
   
3.1    Espetxe frankistetako bizi-baldintzak

3.2    Espetxealdiaren kronologia

3.3    Espetxeetako mugimendu sozialista

3.4    Emilia eta Lentxu, emaztea eta alaba

3.5    PSOEren berrantolaketa

3.6    El Duesoko bizimodua

3.7    Espetxealdiaren balantzea
  3.5 PSOEren berrantolaketa
 

Buruzagi sozialista gehienak erbestean egon ziren bitartean sozialismoa kanpotik berrantolatzen ahaleginduz, Ramon Rubial eta beste batzuk alderdi sozialista barrutik berregiten ahalegindu ziren. Espetxeetan erresistentzia berrantolatzea izan zen lehenengo urratsa, eta hurrengo helburua, 1945etik aurrera, diktaduraren oposizio politikoa antolatzea, disidenteen suntsiketa fisikoaren etapa gogor hura amaitu zenean.

PSOEren lehenengo Batzorde Exekutiboa, 1944

1944ko abenduan Aranjuezeko espetxetik Babcock-Wilcoxera eraman zuten, Bilbora, alegia. Han Ramonek ordura arteko espetxeetan baino espetxe-erregimen askeagoa izan zuen eta, era horretara, eragin handiagoa izan zuen herriko organizazio sozialistetan. Berak deskribatu zuen zer-nolako harremana izan zuen espetxez kanpoko alderdikideekin: "(…) funtzionarioa etxera joaten zen lotara eta ez zuen guardiarik egiten, era horretara nolabait ere nahi genuena egin genezakeen.Destakamendura iritsi bezain laster etorri zitzaidan Manuel Garrido, eta esan zidan Bilbora joateko alderdiko jendea ikustera. Handik egun batzuetara Euskadiko Komite Zentral Sozialistako kide nintzen. Komitearen idazkaria Enrique Dueñas zen, Ayala Antzokiaren administratzailea, eta bertan egiten genituen gure bilera klandestinoak. (…) Egoeraz baliatuz jendearekin harremanetan jarri nintzen eta organizazioa Bizkaian indartzen aritu nintzen espetxeetatik irteten zen jendearekin edo hainbat urtetan isolatuta egon zen jendearekin". Egia esan, gauza hauek guztiak hilabete gutxi batzuetako kontuak baino ez ziren izan. 1945eko otsailean erori zen PSOEren lehenengo Batzorde Exekutiboa, Gómez Ejido buru zuena, Rubialek kontatzen zuen bezala: "45ean Babcockeko preso gisa ari nintzen lanean eta urte hartan eratuta zegoen Euskadi eta Nafarroako Federazio Sozialista. Komitea atxilotu egin zuten eta harekin batera beste 14 federazio desegin ziren."

 

Babcock Wilcoxen argazkiak

 

 

Espetxetik ihes

Manuel Garridoren etxea poliziak miatu zuen. Etxe hartan poliziek bera salatzen zuen ohar bat aurkitu zuten: “Rubial, armak”. Ramon Bilboren eta Asturiaseko erresistentziaren arteko bitartekaria izan zen. Zapicok, Alderdiaren Asturiaseko presidenteak, adierazi zuen Bilbora joan behar izan zuela Ramonekin elkartzera: "Eta han joan nintzen emaztearekin Ramon Rubialengana.Ramonek Babcocken lan egiten zuen eta mugitzeko nahiko askatasun zuen, kalera irteten zen, etxera joaten zen. Erandioko bere etxean egon nintzen eta maleta bat eman zidan… Asturiaseko gerrilari-erresistentziako buruarentzat, Floresentzat, armaz beteta". Polizia frankistak bazuen Rubialen laguntzaren berri, eta Babcockera joan zen bere bila. Ramonek ondo asko zekien zenbateraino zegoen sartuta eta polizia frankista bera harrapatu nahian zebilela. Horrenbestez, minutu bakar bat ere galdu gabe, espetxetik ihes egin zuen eta Frantziara igarotzen ahalegindu zen. Rubialek berak kontatu zuen zer amarru baliatu zuen ihes egiteko: "Jakinaren gainean nengoen, eta Larrinagako espetxeko zuzendaria, Arturo Cebrián, jeneraltxoa, poliziarekin pabiloian sartzen ikusi nuenean, atzeko atetik ihes egin nuen. Handik desagertu eta Escontrillan, San Salvador del Vallen, ezkutatu nintzen lagun makinista batekin batera, merkantzia-tren batean Donostiara joan nintzen eta han beste adiskide batzuekin batera Frantziara pasatu behar ninduen bitartekari baten zain egon behar nuen. Frantzian azkeneko gotorleku nazia errenditu behar zuen Euskal Brigadan sartu behar genuen. Maiatzaren 15ean, elurretan, Jose Maria Aizpurua bitartekari bikainaren laguntzaz pasatzera gindoazen. El serpientes zuen ezizena eta gerra garaian Sagardia jeneralaren Estatu Nagusiko izen handiko gidaria izan zen eta EAJk bidali zigun… Baina el Serpientes Melitón Manzanos inspektore ezagunarekin ados jarrita zegoen eta saldu egin gintuen. Tiro-saltsa bat izan zen eta untxiak bezala harrapatu gintuzten… Altzibarren gertatu zen, Oiartzungo auzo batean".  Ramon Rubial atxilotu eta Donostiako Ondarreta espetxean sartu zuten.

 

 

PSOEren batzorde exekutiboa erori zenean
Rubialek ihes egin zuen Babcock Wilcoxetik

"Evasión"

Cárcel de Ondarreta, Gipuzkoa
 

Barruko Sozialismoa

El Dueson Ramonek eta bere lagunek beste organizazio sozialista bat jarri zuten abian. Julio Colladok, Cadizeko espetxean Rubialekin egondako militante batek, elkar hartzeko bere sakrifizioa eta erantzukizuna nabarmendu zituen: "Ramon Rubial Puerto de Santa Mariako espetxean ezagutu nuen eta berriz topo egin nuen berarekin El Dueson.Cadizen bizia jokatu ondoren organizazioaren erantzukizuna bere gain hartuta, Santoñan berriz elkartu zituen sozialistak bere inguruan. Organizazio perfektua egin genuen, kanpokoak baino hobea…".

Era horretako organizazioak ez ziren espetxean akabatzeko sortu. Kanpoan zeuden gainerako militanteengana hedatu ziren. Espetxean zeuden bitartean etorkizun lausoaren aurrean baikortasunaren garra piztuta izaten lagundu bazieten ere, antsiatutako askatasuna berreskuratzean espetxean egindako lana kaleetara isuriko zen kontzientzia demokratikoetara oxigenoa ekarriz. Borrokak jarraitu egingo zuen gaitzizenen, amarruen eta jazarpenen atzean, baina idealarekiko fideltasuna jadanik suntsiezina zen: "Gauza horiek guztiak –espetxe barruko organizazioak– eta espetxean antolatu genituen zerbitzuak ikaragarri baliagarriak izan zitzaizkigun. Eta, horrela, askatasuna berreskuratu genuenean, berreskuratu egin ahal izan ziren izen haiek organizazio klandestinorako, eta haien bidez sortu ziren Espainia osoko Alderdiaren elkarteak eta federazioak. Nik neuk inoiz ez nuen itxaropenik galdu, banekien askatasuna berreskuratzean, asko lan eginez, jakina, askatasuna denontzat lortuko genuela".  (Ramon Rubial, 1996)

Ramonen karisma: erresistentzia eta indar morala

 

1945ean Ondarretako espetxetik Bilboko Larrinaga espetxera eraman zuten. Han jarraitu egin zuen Ramonek bidegabekeriaren aurkako borrokarekin: “Bilboko espetxean zazpi eguneko gose-greba egitea besterik ez zitzaidan bururatu, bertako zuzendariak, jeneraltxoak, preso batzuei barruko arropa berogarriak kendu zizkielako «Perónek eguzki-ontziak bidali dizkigu, udaberriz beteta…» esanez. Handik Ocañara eraman ninduten eta 1945eko apirilaren 16tik uztailaren 18ra zigor-gela batean eduki ninduten".  Ramonek bat egin zuen tratu txarrak jasotzen zituzten presoekin. Lentxuk, alabak, azaldu zigun argiago zergatik zigortu zuten: "Nire amak ez zuen ezer jakin aitari buruz bi hilabete inguruan; izan ere, zigor-gela batean eduki zuten tuberkulosiak jota zeuden presoak, oso ahul zeuden presoak, patiora berogarririk gabe, kamiseta hutsean eta elurretan goizeko bostetan gimnasia egitera ateratzen zituztelako protesta egiteko egin zuen gose-grebaren ondorioz zigortuta, eta, gezurra badirudi ere, ogi-zati bat eta baso bat ur baino ez zioten ematen…" Ocañako zigor-gelan isolamendu hartatik onik ateratzeko bere aitak zer egiten zuen kontatzen du Lentxuk: "Gelan diagonalean ibiltzen zen alde batetik bestera ez zorabiatzeko.Uste dut patiora irteteko ordu laurdena uzten ziotela, eta tarte horretan erabilitako poxpoluak, garai hartako argizarizkoak, biltzen zituen eta zigor-gelako zoruari lustrea emateko erabiltzen zituen… Ikaragarri txukuna eta garbia izan zen beti, eta Ocañako goizik hotzenetan ere dutxa bat hartzen zuen, eta ez, hain zuzen ere, ur epelarekin… Zimitz mordoa zituzten. Nire aitak kleraz zirkulu bat egiten zien inguruan eta ez ziren handik ateratzen. Edota ohea inguratuz marra bat egiten zuen kleraz eta zimitzak ez ziren pasatzen… Baina hormetan igotzen ziren eta sabaitik erortzen ziren gero". Handik ia hiru hilabetera, uztailaren 18an, Altxamendu Nazionalaren urteurrena zela-eta, Babcock-Wilcoxera itzuli zuten.  


Rubial recuerda la huelga de hambre que hizo durante una semana como protesta con solidaridad con los demás presos de Larrinaga

Babcocketik ihes egin ondoren, Ondarretan espetxeratu zutenean, berriz egin zuen topo Juan Iglesiasekin, biak 1934an Altuna-Mendin preso zeudela ezagutu zuena. Iglesias garrantzi handiko militantea izango zen borroka klandestinoan 50eko hamarkadatik aurrera. Honela deskribatu zuen Juan Iglesiasek berak espetxean Ramon Rubialekin berriz topo egin zueneko une hura: "Espetxera iritsi nintzen eta Ramon aurkitu nuen bere janari-lata entzunarekin, gaileta-lata batekin, alegia. Bueno, preso guztiek, espetxean denbora luzea zeramatenean, lata bat izaten zuten eta bertan gordetzen zituzten gauzak… Ramon beti umore onean egoten zen. Oraindik ere ikusten dut, bere buzo urdina jantzita, lasai, burua soilduta, bare…, nahiz eta ondo asko zekien Masoneriaren eta Komunismoaren aurkako Errepresio Auzitegia eratu zela, eta bere presidentea Dositeo de la Iglesia zela… Bizia jokatzen zenuen… Ramonen aurrekariekin ezin konfiantza handirik izan, nahiz eta Franco laster eroriko zela espero zuen".  

Ramonek denboraren aurka eskuera zuenarekin egin zuen borroka: bere buruarenganako konfiantzarekin, pazientziarekin eta irakurriz. Bere alaba Lentxuk bere zaletasunik bitxiena zein zen deskribatzen du: "Egunero irakurtzen zuen hiztegia, eta hari esker nire aitak hizkuntza oso aberatsa zuen. Batere ohikoak ez ziren espresioak, aldi berean kultuak eta amultsuak, erabiltzen zituen".

 

 
 
Ramon y Cajal Etorbidea, 2 BIS- 3ª solairua 5 Depart. - 48014 BILBO ·Tel-zenbakiak: 94 476 38 11 - 94 476 39 159 15
Ir al inicioIr a contactoIr al mapaweb