Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb
Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb
Ramón Rubial: Historia y Memoria
 
   
4.1    Espetxetik bizitza klandestinora

4.2    Barruko alderdiaren eta erbestearen arteko lotura

4.3    Ramon eta Emilia, bi baino askoz ere gehiago

4.4    Berriz ere errepresioa

4.5    Sevillako taldea eta unibertsitateko gazteak

4.6    Ezker zaharraren eta berriaren arteko zubia

4.7    "Pablo ezagutu nuen…" Rubial mitoa jaio da
  4.2 Barruko alderdiaren eta erbestearen arteko lotura
 

1939tik PSOEren goi-kargu exekutiboak bitan banatuta geratu ziren: erbestekoak, Toulousen, eta Espàiniako lurraldean geratu ziren militanteak. 1954an Rodolfo Llopisek, alderdiaren erbesteko idazkari nagusiak, Antonio Amatlari agindu zion organizazio sozialista barruan berrantolatzea. Eta kontuan izan behar da gerra ondorenetik frankismoaren aurkako indarrak ahulduta zeudela errepresio gogorraren, frustrazioaren eta zatiketaren ondorioz.

Erregimenaren errepresio-aparatuak konspirazio usaina zerion guztiaren arrastoa jarraitzen zuen. 1953an hil zen Tomas Centeno, UGTren idazkaria, frankismoaren errepresioaren biktima.  1958ko azaroan PSOEko ehunen bat militante atxilotu zituzten. Amat gasteiztarrari bost urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Ezbehar haien aurrean, Toulouseko zuzendaritzak Ramon Rubial izendatu zuen alderdiaren barruko buruzagi gorena. Miguel Peydrok, PSOEko militante eta legelari zenak, erabaki haren garrantzia azpimarratu zuen: "Espainia osoan hainbat eta hainbat alderdikide atxilotu eta auziperatu zituztenean, Alderdia barruan desegiteko arriskua ikusi genuen, baina zorionez ez zen halakorik gertatu. Hain zuzen ere, Ramon Rubial, aho batez errespetatzen genuen alderdikidea izan zen, jarraipen politikoa lortzeaz gainera, organizazioari beste dinamika bat kutsatu ziona". Ramon Rubialen gidaritzak belaunaldi berriekin harreman bikaina sortu zuen, eta propaganda suspertu zen bizirik mantendu ahal izateko barruko borrokaren garra. Beste alde batetik, Francisco Romanek UGT sindikatuaren gidaritza hartu zuen.

Pabloren gidaritza eta Alderdiaren berrantolaketa

1958tik 1972ra, bigarren identitate gisa Pablo izen gogoangarria hartuta, Rubialek espetxeetan garatutako antolaketarako ahalmena jarri zuen praktikan, eta Alderdiaren baitan aldaketa taktikoa egin zuen. Juan Iglesiasek, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugako joan-etorri klandestinoaren militante arduradunak, honela deskribatu zituen oso hondatuta zegoen organizazioaren zuzendaritzan Ramonek emandako lehenengo urratsak: "Beste era batera egituratu zen organizazioa; izan ere, gainbehera hainbestekoa izan zen, hainbeste jende atxilotu zen, zenbaiten aldartean arrasto latza utzi baitzuen, eta jende asko aldendu zen borrokatik. Giro hartan sortu zen, barruan, Batzorde Iraunkorra, eta batzorde horren buruan jarri zen Ramon Rubial. Horrek esan nahi du Ramon Rubial, federazioek presidente izateko egindako proposamena baztertu egin bazuen ere, ikuspuntu moraletik 1958tik Alderdiaren presidente izan zela, Alderdi osoaren presidente".

Bestalde, Miguel Peydrok berrogeita hamarreko hamarkadaren amaierako aldaketa logistikoak eta oposizioko beste indarretara hurbiltzeko ahalegina nabarmendu zituen: Ramon Rubial Alderdiaren buruan jarri zenean, afiliatuek euren Elkarteetan kotizatzea derrigorrezko ezarri zen. Karnet xume bat egin zen, non Pablo Iglesiasen irudia eta afiliazio-zenbakia baino ez ziren agertzen. Militanteen errolda sekretua egin zen eta Elkarte klandestinoen jardunean parte hartzeko aukera handiagoa eman zen. Propaganda-banaketa areagotu egin zen. Hainbat Elkartetan Informazio-aldizkariak sortu ziren. Alderdiaren organoen bilerak arautu ziren… Labur esanda, Alderdiaren egiturak sendotu eta zabaldu ziren, kontu eta diskrezio handiz… Rubialen ekimenez frankismoaren aurkako oposizio demokratikoko jendearekin hitz egin zen eta harremanak ezarri ziren –adibidez, Tierno Galvánekin–, eta gure ideologiaren inguruko intelektualak eta profesionalak PSOEn integratzeko edo PSOEra hurbiltzeko bidea jarri zen. Alderdiak, era berean, ekintza askotan parte hartu zuen, frankismoaren aurkako beste alderdi politiko batzuekin batera (…).

Komunikazioa erbestearekin

Ramon Rubialek atzerriarekin ahalik eta komunikaziorik arinena izatearen aldeko apustua egin zuen. Informazioaren eta baliabide ekonomikoen fluxua funtsezkoa izan zen organizazioaren kohesiorako. Honela laburbildu zuen berak klandestinitateko egitura: "Atzerriarekiko harremanetarako (…) bitartekariak erabiltzen genituen. Ikazkin bat ere izan genuen, eta benta baten jabea ere bai, baina atzerriko Alderdiarekin etengabe harremanetan egon zena Juan Iglesias izan zen. Bitartekari horien bidez prentsa eta atzerriaren laguntza ekonomikoren bat pasatzen genuen. Horixe zen gure harremanen oinarria: korrespondentzia eta gainerako guztia bitarteari horien bidez pasatzen zen, eta gehienetan ordaintzen zienaren zerbitzura jartzen ziren kontrabandistak ziren. Hau da, propaganda-kilo bakoitza zegokion bitartekariari ordaindu beharreko hainbesteko bat kostatzen zitzaigun.  Propaganda hori barruan gure taldeen bidez banatzen zen, gehien-gehiena meategietan eta lantegietan. Bost pertsonako taldeak izaten ziren, "C"ren –hala deitzen genion zelulari– idazkari batekin, eta liburuskak eta propaganda langileen postontzietan edo lantegiko makinetan banatzen zuten." (Ramon Rubial, 1986). Juan Iglesias izan zen 1953tik 1976ra alderdia mugaren bi aldeetan harremanetan jarri zuen bitartekari iraunkorra.

Organizazioaren barruko-kanpoko tirabirak

Pirinioen iparraldearen eta hegoaldearen artean irisgarritasun hobea izateko ahaleginak egiten ziren aldi berean, areagotzen joan zen alderdi barruko zatiketa. Rubial eta Amat ekintzarako eta erabakiak hartzeko ahalmena Espainia barruko sozialistek ordezkatu behar zutela aldezten zutenetakoak ziren. Kontrakoa Llopisek eta erbestekoek aldezten zuten: Toulousetik zuzendu behar zen alderdi osoa, eta handik berrezarriko zen sozialismoa Espainian. 1955eko abuztuan El Socialista astekariak argitaratu zituen atzerritik aldezten ziren tesiak, eta sinesgarritasun eskasa eman zien barrutik gauza zitezkeen ekintzei: "Rodolfo Llopisek atzerriko PSOEren VI. Kongresuan esku hartu zuen: 'Espainiako gure alderdikideak erregimenaren edozein arbitrariotasunen zain daude beti. Gure alderdikide guztiak espetxera edo hilerrira joateko hautagaiak dira'".

 

 
 
Ramon y Cajal Etorbidea, 2 BIS- 3ª solairua 5 Depart. - 48014 BILBO ·Tel-zenbakiak: 94 476 38 11 - 94 476 39 159 15
Ir al inicioIr a contactoIr al mapaweb